XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Maria Atutxa Mendiola

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

Forofoaren sindromea

Aste honetan, ETAk Miguel Angel Blanco Garrido bihozgabekeriaz hil ondoren, indarkeriak gure artean irauteko arrazoiari buruz hausnarketa ugari egiteko aukera izan dugu.

Galdera honi erantzuten laguntzeko, nire iritziz, kontuaan hartzekoak dira Herri Batasunako buruek azken egunotan kaleratutako komunikatuak eta adierazpenak, eta Egin egunkariaren jarrera.

Bietan, ohi ez bezala, argi ikus daiteke forofoaren sindromea, gaixotasun horren alderik larriena agertuz.

Izan ere, gaixotasun horrek futbolzaleei eragiten die baloia norbere arean dagoela kontrako taldearen penaltiak ikusten dituztenean.

Halakoetan, ez dute euren iritzia aldatzen, ezta moviola hamaika aldiz ikusita ere.

Nire ustez, bake biderako ezinbestekoa da jarrera hori gainditzea.

Egunotan, amorruagatik, zenbait gertakaritan indarkeria areagotzeko puntuan eta pil-pilean egon da.

Ertzaintzaren esku hartzeari eta herritarren senari esker, ez da eraso larririk egon Herri Batasunaren jarraitzaile eta egoitzen kontra.

Izan ere, geu izan gara lehenengoak gertakariok salatzen eta gaitzesten; hala ere, egia da istilu batzuk gertatu direna.

Berauek, ezer ere ez dira ETAk eta beronen ingurukoek egiten dituztenen aldean.

Parranda hauek Herri Batasunaren onespena eta kronista sutsuen narrazio beroa izan ohi dute.

Halakoetan Egin egunkaria Hazañas bélicas izeneko komikiaren imitazio barregarri bihurtzen dute.

Eta errealitate hori arazoaren muinean dago.

Azken egunotan egin diren manifestazio suminkorrak, HBko buruen arabera, faszismoaren adierazgarri izan dira.

HBren egoitzetara ez sartzeko edo jarraitzaileen kontrako erasorik ez egoteko Ertzaintzak izandako jarrera aktiboa telebista guztietan ikusteko aukera izan genuen.

Koalizio horretako buruen esanetan, jokabide hura poliziaren pasibotasunaren ezaugarri da.

Krudeltasunari aurre egiteko mobilizatutako jendetza Gobernu eta Paktoaren estrategiei esker eta komunikabideen manipulazioaz mugitzen den txotxongiloa baino ez da.

Hori dela eta, ulermen aldetik gerta litezkeen hutsak zuzentzeko Egin kontsultatu behar da.

Beraren orrialdeetan, azken egun hauetan indarkeriaren aparteko exegetaren bat, txanodunen alkarrizketatzaile ospetsuren bat aurki dezakegu.

Izan ere, metafora burutsu baten bidez San Ferminetan bertan behera geratu zen entzerruko Miuren ordez krimenaren kontra sumindurik agertu ziren herritarrak agertzen ziren.

Kazetariak fintasunez jantzitako sentikortasunezko adierazpenean talde biolento bihurtu zituen.

Sentimendu horrek ez du zerikusirik egunkari horretako beste militante baten iritziarekin.

Izan ere, beronen esanetan, gazte adoretsu eta abertzale batzuek Iruñeko udaletxeko burdin hesian jaietako zapiak erre zituztenean logikaz eta heroitasunez jokatu zuten.

Analista zorrotz horren iritzian iruindarrek erakutsitako gizalegezko berezko erantzuna presio hutsa baino ez omen zen izan jaiak bertan behera gera zitezen.

Beraz, nire ustez behintzat, Herri Batasunako eta ETAko buruak munduari begiratu eta benetan gertatzen ari denaz ohartzen direnean, egunotako manifestazioen esangura ulertzen dutenean, orduan hasiko da konpontzen arazo hau.

Herritarrok nahikoa dela esan diegu, argi eta garbi esan ere; erabilitako adierazpenen kalitateari eta kantitateari begiratzea baino ez dago.

Bideak kondenatu ditugu, ez ideiak.

Bide horiek sustatzen, txalotzen, itxuraz janzten edo ametitzen dituztenen lotsagabekeria, koldarkeria eta gaixotasun morala kondenatu ditugu; eta lagun horiei gauza bat baino ez diegu eskatu nahi izan: gizatasuna, alegia.

Arazo horrek inoiz galdu behar izan ez zuen garrantzi etikoa berreskuratu du, gure gaur egungo arazorik nagusienetakoa ere horixe berori delako.

Dena den, arazoa hortxe izango dugu harik eta HBk ulertu arte beraren zenbait jarraitzaileren jarreraren eraginez Miguel Angel jódete, con los presos no se juega eta antzekoak idazteko gauza diren lotsagabeak sortzen dituela.

Harik eta onartu arte beraren egunkariaren kronistek errealitatea ikusteko erabiltzen duten kolorea ez dela aintzat hartzekoa.

Horregatik, eskergarria izango litzateke hain ozen eta gogor salatu dituen haserrearen kontra agertu duten sentsibilitate bera oso-osoan bideratuko balute zinegotzien fusilamenduen kontra, kokotean tiroak ematea baino ez dakiten hiltzaileen kontra, lapa-bonben kontra, ertzainak erretzearen kontra eta borrokaren ondorio diren beste hainbat eta hainbat gizagabekeriaren kontra.

Horixe da egunotan herriak eskatu diena.

Gizakiak izan daitezela.

Pertsonak hil, itxaropenak deuseztu eta haserrea baino ez dutela sortzen kontura daitezela behingoz.

Eta era horretako jokabideak justifikatzen dituen arrazoirik ez dagoela.

Horregatik eskatu nahi dizuet, berriz ere, herritarrek deiadarrez eskatutakoa entzun dezazuen.

Ajuria Eneko Paktoa izango genuke abiapuntua.

Egunotako manifestazioetan ez da bakarrik gaitzespena agertu.

Herriak oihu egin du tirokadak behingoz hitz bihur daitezen duen gogoa erakutsi nahian.

Eredu izan dugu horretan Miguel Angelen etxekoen jarrera, gure espezieari berez dagozkion ezaugarrien duintasuna erakutsi baitigute.

Hunkitu egiten gaitu euren barruetan daramaten samina bakea eta adiskidetasuna adieraziz kanporatu izanak, eta ez mendeku modura. Biolentoak lekutako distantzia moralean utzi dituzte.

Jarrera hori eta ETAk eta HBk euren ibilbide tristea justifikatzeko saminaz egin duten erabilpena oso urrun daude bata bestearengandik.

Familia horren jarrerak poztu eta animatu egin gaitu guztiok.

Horregatik da hain baliagarria familia horren eta gure herritarren jarrera.

Forofo horiek beraien itsukeriaren zuloan galduta utzi baititu.